2008/10/12

Nafar erresuma berpiztu zenekoa Euskal Herriko Erdi Aroari buruzko lehen azoka tematikoa antolatu dute Berangon

Nafar erresuma berpiztu zenekoa Euskal Herriko Erdi Aroari buruzko lehen azoka tematikoa antolatu dute Berangon
Modan daude ezpata, gaztelu eta armadurak. Erdi Aroa berpizteko gero eta aitzakia gehiago topatzen dute hiri eta herri guztietan eta, ondorioz, Euskal Herriko leku gehienetan antolatzen dute garai hartan girotutako azokaren bat. Azoka horiek bisitatu ondoren, alabaina, asko galdera batekin bueltatzen dira etxera: hauxe al da euskaldunen arbasoek bizi izan zuten Erdi Aroa? Ezezkoan dago Gabirel Ezkurdia Basque Power taldeko kidea eta, horregatik, Euskal Herriko Erdi Aroari buruzko lehen azoka tematikoa antolatu dute Berangon (Bizkaia), Udalarekin batera.
Erdi Aroko ohiko azoketan «erasotua» sentitzen du bere burua Ezkurdiak, «ikur eta erreferentzia guztiak gure historiarekin zerikusirik ez dutelako eta, gainera, saldu eta erosteko leku hutsak bilakatu direlako». Euskal Herriaren historia Nafarroako Erresumari lotuta dagoela erakutsi nahi die Basque Power taldeak Berangoko azokara bertaratuko direnei, eta horrek «gaurko errealitatea ulertzeko zer nolako pisua duen».

Horregatik, ikuskizunen eta eskulangileen azoka ez ezik, antolatu duten jaialdia «didaktikoa» ere izango da. Historia kontalaria ekarri dute horretarako, Bizkaiko jaurerriak nafar erregeekin zuen lotura edota euskaldunen lehenengo ikurrak zeintzuk izan ziren azaltzeko: «Iñigo Aritzaren arrano beltza eta Nafarroako ikurrina ikus daitezke hemen».

Irakaspenak, baina, jaki gozo, musika eta ekitaldi ikusgarriekin jantzi dituzte Berangoko azokan. Besteak beste, Bizkaiko Esgrima Zaharreko elkartearen ezpatariak, falkoneria erakustaldiak eta errementarien lana zuzenean ikusteko aukera eskaintzen du azokak atzotik gaur arte.

Ezpatak dantzan
Mendeetan galdu da ezpata jokoaren artea, baina bada esgrima berreskuratzeko lan egiten duen taldea. Santos Morondo Bizkaiko Esgrima Zaharreko elkarteko kideetako batek azaltzen duenez, izkribu zaharretan bilatzen dituzte esgriman aritzeko irakaspenak, «XIII. mendetik XVII.era bitartekoetan» eta ezpatarekin trebatzen dira gero. Azokan erakusten dutena «ez da aldez aurretik prestatutako koreografia». Armadurekin eta bestelako babesekin egiten dituzte borroka ikusgarriak.

Saltzaile eta eskulangileak ere ez dira Moreaga parkean falta. Leongo uxuala eta Toledoko ezpatak ekarri ditu Luis Pereira asturiarrak. Bildumazaleek armak «izugarri estimatzen» dituztela dio eta, krisialdia eta guzti, «urtean bat edo bi eros daitezkeela». 40 eurotan saltzen ditu dagak eta 90 euro ingurutan ezpatak.

Pozik hartu zuen Berangoko Udalak euskal azoka tematikoa antolatzeko ideia. Ana Landa alkateak jendearen harrera ona ikusi ahal izan zuen jaialdira bertaratuta: «Erdi Aroko azokari sakontasuna eta testuingurua eman dizkiogu, gozatzeko modukoa ez ezik, ikasteko ere baliagarria da». Datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu zuen.

############
GAUR ZER
11:00. Azokaren hasiera.
11:30. Erdi Aroko euskal kale animazioa Xukelak taldearekin.
12:00. Kale antzerkia, Ahari kultur taldeari esker.
12:00. Falkoneria.
12:30. Erdi Aroko ezpata borroka Bizkaiko Esgrima Zaharreko elkartearekin.
13:00. Hitzaldia: Ezagutzen al dugu gure historia?
13:30. Bertsolariak .
17:00. Ipuin kontalaria: Printzesa eskoziarra.
18:00. Erdi Aroko euskal kale animazioa, Xukelak taldearekin.
19:00. Erdi Aroko ezpata borroka Bizkaiko Esgrima Zaharreko elkartearekin.
19:30. Historia kontalaria: Erdi Aroko Nafarroa edo Gaztela?
20:00. Kale antzerkia, Ahari kultur taldeari esker.
############