2011/11/16

SANTA ZEZILIA EGUNEAN 200 LAGUNEK BAINO GEHIAGOK ABESTUKO DUTE


"Santa Zezilia aprobetxatu herrian abesteko elkartuko garen data gisa". Horixe bera dio Iñaki Gonzalez Simon Otxandategi Dantza Taldeko arduradunak. Dantza taldeko, Emakumeen Elkarteko, parrokiako eta Nagusien Etxeko abesbatzak batu dira jada azaroaren 27ko ekimenera; baita Musika Eskola eta ikastetxe publikoko neska-mutilak ere. Orotara, 200 lagun baino gehiago izango dira. Talde bakoitzak abesti bat kantatuko du eta, amaitzeko, guztiek batera interpretatuko dituzte bi abesti. Ekitaldirako kanta berri bat prestatu dute.

Emanaldia 13:00etan izango da udaletxe aurrean, baina euria egitekotan, Santo Domingo de Guzman eliza barrura aldatuko dute. Ondoren, herri bazkaria egongo da udal pilotalekuan, nahi duen guztiak izena eman ahal izango duela. Parte hartuko duten taldeetako batekin harremanetan jartzea baino ez dago, aurretik 15 eurotan egongo diren txartelak erosteko. Behin bazkalduta, dantzaldia egingo dute.

Egun horretan kantatu nahi duten Berangoko pertsona guztiei zabalik dago ekimena. Entseguak azaroaren 16an eta 23an egingo dituzte Berangoko udaletxearen behealdean, 20:00etatik aurrera.