2010/06/22

GAZTEENTZAKO AIRE ZABALEKO JARDUERAK

Gazteek aisialdiaz gehien gozatzeko aukera izaten duten garaia izaten da uda. Lagunekin batera probetxu handiagoa atera diezaioten, uztailerako, ekimen erakargarri berriak prestatu ditu Berangoko Udalak; aire zabalean sentsazio eta emozio berriekin disfrutatzeko asmoz. Surf-bataioa edo espeleologian hastea dira aukeretako batzuk.
1975etik 1991era bitartean jaiotako lagunentzat zabalik dago eskaintza. Ekainaren 26ra arte egongo da izena emateko aukera, kultur etxeetako batean. Bestela, e-postaz ere apuntatzerik badago. Informazio zehatzagoa Facebook/tuenti/berangokogazteak@gmail.com-en eskura daiteke. Horren bidez, salneurriak eta adinen araberako salbuespenak (bikoteak, haurrak...) kontsulta daitezke.

2010/06/21

IKASTURTE AMAIERAKO ENTZUNALDIA

Udal Musika Eskolaren ikasturte amaierako entzunaldia ekainaren 22an izango da, 18:30ean. Bakarka zein bikoteka, pianoa joko dute 7 eta 19 urte arteko ikasle guztiek. Horretaz gain, hainbat kanta interpretatuko ditu abesbatzak. Bestalde, txirula doinuez lagunduta, hiru ahotsetarako obra ere eskainiko dute ikasleek. Amaitzeko, adinez txikienak direnek emango dute kontzertua. Oraingo honetan, abesti bat eskainiko dute, piano, perkusio eta flauta doinuez lagunduta.