2010/09/07

ZABALIK DAGO UDAL IKASTAROETARAKO AURRE INSKRIPZIOA

Ekidin ezinezko hitzordua dauka irailean udal ikastaroen hurrengo edizioak, interesa daukaten pertsonen hilabete horretan egin behar izango baitute aurre inskripzioa. Aurreko urtetan bezala, urritik aurrera emango dira eskolak Berangoeta eta Santa Anako kultur etxeetan. Eskaintza anitza da eta adin guztiei zuzenduta dago. Udal arlo ezberdinak ere sartu dira espezialitateetatik askotan eskaera handia duen ekimenean.

Aisialdi ikastaroen artean, altzarien zaharberritzeak eta tai-jiak beti izan dute harrera oso ona 18 urtetik gorako berangoztarren artean. Salta Anako aretoak eskaintzen dituen urteroko ikastaroen sorta eskulan, helduentzako pintura eta areto dantzekin osatuko dute. Azken horretan, maila guztiak jorratuko dituzte gela bakarrean.

Baina, txikientzako eskaintza berezia ere badaukate aisialdiko ikastaroek: dantza modernoa eta pintura ingelesez, Maria Fernandez eta Ana Elorduyren eskutik, hurrenez hurren. Haurrentzako zein helduentzako ikastaroetarako, irailean hasiko da aurrez izena emateko epea. Gainera, beharrezkoa izango da inskripzioa baieztatzea kurtsoa hasi baino hilabete lehenago. Aurre inskripzioa eginda, lehentasuna izango dute Berangon erroldatutako lagunek.

Bitartean, Berangoetako kultur etxean, euskarazko ikastaro bi izango dira 18 urtetik gorakoentzat: bata hasiberrientzat eta bestea maila ertainekoa. Hala ere, haurrentzako eskaintza izango da zabalena. Girabira 1 eta 2 ekimenak 2007an jaiotakoei zuzenduta egongo dira. Horrela, jolas, dantza eta musikaren bitartez, dibertitzeko eta koordinazio fisikoa hobetzeko aukera edukiko dute ikasleek. Xirula Mirula ikastaroan, berriz, musika izango da protagonista. Gainera, antzerkira bideratutako atala ere egongo da.

Gazteek tailer erakargarriak izango dituzte eskura. Oliver magoak emango du hiruhileko ikastaroa eta Estibaliz Villak pailazo tailerra. Urte osokoak izango dira zur lanketa eta "street fusion" kurtsoak. Bestalde, emakumeek oratoria ikastaroaren edizio berri bat izango dute eskura. Azken horrek harrera ona eduki zuen iaz. Horretaz gain, "Ejercidanzing" delakoa eskainiko du Irakurketa Klubak. Musikaren erritmora ariketa fisikoa egitean datza azken hori.

Adin nagusikoek hainbat ekimen izango dituzte irailetik aurrera. Gimnasia, tai-ji, dantza edota abesbatza izango dute aukeran.