2012/03/16

BERANGOKO EMAKUMEEN BIZIPENAK ESZENARA


Emakumeak izango dira martxoko kultur ekitaldien protagonista nagusiak.
Hilaren 17an “Heroínas de Berango” ikuskizunak iritsiko da eszenara,
udalerriko emakumeen kontakizunak oinarri bezala dituen lana. "Arauak
apurtu dituzten, beraien garaian aitzindari izan diren eta nahi dutena
egin duten emakumeak" ditu hizpide muntaiak. Arantza Iurre Getxoko
Antzerki Eskolako kideak azaldu duenez, "emakume ausarten erreferentzia
behar dugu eta horixe bera izan dira aipatutakoak guretzat".
Besteak beste, atsegin zutena egin zuten Rosa Vigiola eta Garbiñe Uribe
igaroko dira agertokitik. Biak ala biak automobil rallyetan aritu ziren
70eko hamarkadan. Josefina Mota ere ez da hitzordura faltako; beti jakin
minez, gerratik irten eta gaindipen pertsonalaren eredu bilakatu dena.
Bestetik, aldi berean ezkondu ziren Olague anai-arrebak gogoratuko
dituzte. Bitxikeria bezala, apaiza zen beste anai batek ezkondu zituen.
Getxoko eskolako “Dordoka la contracorriente” taldeak sortu eta
koordinatutako herri antzerki proiektua da. Aktore profesionalek,
herriko elkarteek eta norbanakoek parte hartuko dute. "Beraiez eta bizi
diren tokiaz hitz egiten den espektakulua osatzen dute", nabarmendu dun
Iurrek.
Aipatu duenez, "Berangoko emakume horietako batzuen lorpenetan oinarritu da". "Gure iraganaz ari den istorio bat sortu dugu, urte horietako laino zerratuan harrapatuta gera zitezkeen emakumeez: 70eko hamarkadako lehenengo urteez, hain zuzen. Baina, gogor ekinez, ura garraiatuz, kilometroak ibiliz eta amestuz, burua lainoaren artetik atera eta
bizitzea lortu zuten. Indarrez, ilusioz, ikasteko gogoz, bizitzea letra
larriz".
Hala ere, askoz ekitaldi gehiago hartuko dituzte hilaren 3an abiatu
ziren Emakumeen Jardunaldiek. Proiekzioak, eztabaidak, kontzertuak,
ipuin kontalariak, eta abar izango dira. Hilaren 15ean, “El vuelo del
tren” filma egongo da ikusgai Berangoetako kultur etxeko areto nagusian.
Pelikulari buruzko eztabaida ere izango du aipatu emanaldiak.
La Kantoria Leioako Musika Eskolako gazteen taldeak kontzertua emango du martxoaren 24an, Berango Antzokian. Hurrengo egunean, "Klik klak” ipuin kontalari saio dibertigarria eskainiko du Apika taldeak.
Programazioari hilaren 31n emango diote bukaera, Yoshie Sakai-ren
Japoniako musika tradizionalaren errezitaldiaren bitartez. "Koto" tresna
joko du Europa osoan kontzertuak eman dituen emakumeak.