2010/07/05

Vicente Ferrer Fundazioarekiko konpromisoa berretsi du Berangoko Udalak


India ekialdeko Andhrasko probintziaren garapen integralerako egitasmoa sustatzeko asmoz, Vicente Ferrer Fundazioarekin izenpetutako hitzarmena berritu du Berangoko Udalak. Hurrengo hiru urtetan 30.000 euro bideratzeko konpromisoa hartu du tokiko erakundeak; 10.000 euro urteko. Anabel Landa alkate berangoztarrak eta Irune Pascual aipatu fundazioko EAEko ordezkariak ekainaren 3an sinatu zuten akordio berria.

2004an hasi zen gobernuz kanpoko erakunde horri laguntzen Berango. Ordutik hona, etxebizitzak eraikitzeko eta abeltzaintza negozio txikiak bultzatzeko proiektuak finantzatu ditu. Azken horiek emakumeen independentzia sustatzeko asmoz. Horretaz gain, nutrizio programan eta emakumezko alargunek lan egiten duten koadernaketa tailerra martxan jartzen lagundu du.

“Alkateak 2008ko abenduan bisitatu zuen Anantapur. Bertan, lehen eskutik ezagutu zituen proiektuen funtzionamendua eta horien onuradunak. Ordutik hona, ekonomikoki laguntzeaz gain, buru eta bekarri aritu da Vicente Ferrer Fundazioaren jarduna zabaltzen”, zehaztu zuen Irune Pascual GKEaren EAEko ordezkariak.