2009/10/23

Derio Bizkaiko Batzar Nagusietan sartu zeneko 320. urteurrena ospatzeko ikuskizunean, ehun aktore zuzenduko ditu Fernando Ansoleagak

Derio Bizkaiko Batzar Nagusietan sartu zenetik 320 bete direla ospatzeko, larunbatean antzeztuko duten ikuskizunaren arduradun artistikoa berangoztarra dugu. Lander Aiarza alkate derioztarrak ere parte hartuko du ehun auzokide inguru prestatzen dabiltzan antzerki eta ikus-entzunezko muntaketan. Derioko kiroldegian taularatuko dute, urriaren 24an, 20:00etan eta 22:00etan. Anabel Landa Berangoko alkatea ere bertan izango da, lurraldeko beste hainbat agintarirekin batera.

Obrarako, hiru eszenatoki -16x2 metrokoa handiena- eta pantaila erraldoi bi jarriko dituzte. Azken horietan, Ansoleagak berak "garai horretako jantziak erabilita, oso kolorista eta errealistatzat" jo duen ikuskizunaren xehetasunak jarraitu ahal izango dituzte ikusleek.

"Neolitikotik 1688an Bizkaiko Batzar Nagusietan sartu zen arte, Derioko paisaia eta bizimoduek izandako eboluzioaren berri emango du aitzinsolasak", azaldu du arduradun artistikoak. Hitzaurrean adin guztiei ulerterraza suertatuko zaien zinema hizkuntza erabiliko dute, publikoak lehen eskutik ezagut dezan udalerriaren iragana.

Ondoren, denboran gertuago dagoen aroa irudikatuko dute, asmatutako Martin derioztarra protagonista dela. Derio Bizkaiko Batzar Nagusietan sartzearen beharra defendatuko du horrek, herritarrak orduan jauntxo baten menpe bizi zirelako. "Vargasko markesari ordaindu behar zizkioten hamarrenak eta primiziak. Trukean, auzotarren arteko auzietan esku hartzeaz, eliza zaintzeaz, bideak konpontzeaz edota apaizaren mantenuaz arduratu behar zuen horrek. Baina, Vargasko markesak ez zuen ezertxo ere egiten. Hortik herritarrek bestelako bideak bilatzea", zehaztu du Ansoleagak.

Batzar Nagietan sartzeak herritarrak ordezkatuko zituen alkatea edo Bizkaiko Jaurgotik bideak konpondu ahal izateko dirua jasotzea ahalbidetzen zuen. Ordainean, baserri bakoitzeko pertsona bat bidali behar zuten miliziara, baldin eta jaurgoa defendatu behar bazen.

Elizate gehienek alde bozkatuz onartu zuten Batzar Nagusietan Derio. Hala ere, Bilbo, Balmaseda eta Durango bezalako hainbat hiribildu zein udalerrik kontrako botoa eman zuten. Asua erreka nabigagarria zela, kokapen estrategiko bikaina zuen Deriok; Gaztelarekin zuzeneko merkataritza bideak izateko adina. "Aurka bozkatu zuten hirien lehiakidea zen Derio", Ansoleagak azaldu duenez.

Historia alde batera utzita, ez da ausazkoa arduradun artistiko eta tekniko lanak egiteko Ansoleaga aukeratu izana. Horrelako zereginetan esperientzia handiko gizona da: aditua da arte dramatikoan ezagutzarik gabeko lagunak zuzentzen.

Badira 32 urte Jesusen Pasio Bizia ikuskizun kultural eta erlijioso handiarekin hasi zela. Urtero, 150 aktorek parte hartzen dute Ostiral Santuko antzezkizun horretan, Berangon. Aste Santuan, Bizkaian gauez egiten den muntaketa bakarra ere bada. Beste askoren artean, jantzi bikainek, egundoko eszenatokiek eta argi eta soinu efektuek ematen dioten xarmagatik nabarmentzen da Berangoko Jesusen Pasio Bizia.

Hala ere, Derion, gertutik ezagutzen dute Ansoleagaren jarduna. Sutondoan bertoko etxeko andreen elkartearen antzerki taldearen zuzendaria da berangoztarra. Birritan antzeztu dituzte euskal ezkontzak, horietatik lehenengoa duela zortzi urte. Sopelako Itzartu emakumeen elkartearen antzerki taldearen zuzendaria ere bada Ansoleaga, orain dela 20 urtetik.