2009/12/02

Gabonetan ekitaldi eskaintza biderkatu dute Berangoko eultur etxeek

Gabonetarako egitarau zabala prestatu dute Berangoko kultur aretoek: tailer eta irteerez gain, "bideotuning", sukaldaritza, "street" edo skate ikastaroak dira nabarmentzekoak. Adin tarte ezberdinetarako ekintzak egingo dira eta, lehendabiziko aldiz, aurretik izena eman beharko dute parte hartzaileek, horretarako azken eguna abenduaren 3a dela.

Txikiek (2004 eta 2006 urteen artean jaioak) Gabonetako egonaldi irekiak izango dituzte, hilaren 28tik 31ra. Besteak beste, musika aktibitateak eta eskulanak edukiko dituzte neska-mutilek, 10:30etik 13:30era arteko ordutegian. Egonaldiei bukaera bikaina emateko, berriz, parte hartzaileek kontzertua eskainiko dute Berangoeta kultur etxeko areto nagusiak, azken egunean, 12:30etik aurrera.

Bitartean, data berberetan (28tik 31ra) izango dute ikastaro sorta ederra 2001 eta 2003 urteen artean jaiotakoek. Horrenbestez, skate, "street" edo sukaldaritza edukiko dute aukeran. 9 eta 13 urte arteko neska-mutilek ere skate edota "street" egiteko aukera izango dute; baita "Zientziarekin flipatu" izenburua jarri dioten ikastaroarekin ere; horiek guztiak, abenduaren 28tik 31ra.

Gazteentzako ekimenak ere ez dira faltako. Izena emateko epe zabalagoaz gain, "bideotuning" ikastaroan parte hartu ahal izango dute 1991tik 1996ra arteko neska-mutilek. Txapelketa egin eta lan onenari Oskar saria emanez amaituko da hori. Eskolak hilaren 24tik 31ra emango dira. Gainera, Ken Zazpik abenduaren 23an Bilboko Arriaga antzokian eskainiko duen kontzertura joateko aukera izango dute gazteek. Horretarako, Berangoko kultur aretoetan izena eman beharko dute, hilaren 11tik 18ra.

Barakaldoko BECeko Gabonetako Umeentzako Parkerako (GUP) txangoa zein Errege Magoen kotilioi ere ez dira faltako Gabonetako programazio berezian. Azken hori, 1997 eta 2006 urte artean jaiotakoentzat izango da bakarrik.

Olentzero

Berangoko kultur aretoek antolatutakoez gain, ekitaldi askoz gehiago egongo dira Gabonetan. Beste egitarau berezi horrek abenduaren 22an izango du abiapuntua, Impromptu taldearen eta Naroa Intxausti sopranoaren musika emanaldiarekin, Berangoetan. Johannes Brahms konpositorearen lanak eskainiko dituzte errezitaldian, 19:00etatik aurrera.

Hilaren 24an, berriz, Olentzero izango da protagonista. Hala ere, eguerdian hasiko dira ekitaldiak, Tor magoaren erakustaldiarekin, Berangoetan. Aipatu kultur aretotik irtengo da ikazkin ezaguna buru izango duen segizioa, 18:30ean, frontoiraino. Bertan egingo diote harrera. Gainera, Olentzeroren jatorria zein den jendeari erakusteko antzezpena ere egingo dute pilotalekuan.

Gabonetako Umeentzako Parkea abenduaren 26an jarriko dute Berangoko frontoian. Bertan, besteak beste, ludoteka, puzgarriak, zezen mekanikoa eta motorren zirkuitua izango dira. Horretaz gain, hainbat tailer egongo dira, 12:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:00etara. Giroa alaitzeko, berriz, Poco Pico taldeak eskainiko du dantzaldia, 19:30ean; "Erase una vez el circo" ikuskizuna, hain zuzen ere. Gainera, hurrengo egunean (hilak 27) ere irekiko ditu ateak Gabonetako Umeentzako Parkeak. Egun horretan, Zirika Zirkusek eskainiko du emanaldia, 19:30ean.

Bitartean, astelehenean, hilak 28, txotxongiloak izango dira: "Txerriketan-Berriketan" antzezlana eskainiko du Kixka taldeak, 18:00etan, Berangoetan. Abenduaren 29an, berriz, Gabonetako Gazteentzako Parkea zabalduko dute.

Arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara, eskalada-murruaz, arku-tiroaz, bideo-jokoez edota frontoian jarriko duten pantaila erraldoiaz gozatzeko aukera izango dute gazteek. Bestalde, Pitxin eta Potxin pailazoak Berangoetan izango dira, 18:00etan. Nagusientzako, berriz, Edgard Grieg konpositorearen musika eskainiko du Impromptu taldeak, 19:00etan, Jubilatuen Etxean. Hilaren 30ean, Sambhu Teatro taldeari helduko zaio txanda: "Bihotzez" haurrentzako antzezlana eskainiko dute, 18:00etatik aurrera.

Ekitaldiek urtarrilaren 2an eta 3an izango dute jarraipena, Gabonetako Umeentzako Parkea berriro zabalduz. Egun horietan, surf taula eta bestelako atrakzioak, bizikletak eta puzgarriak izango dira frontoian. Hilaren 4an, berriz, Barakaldoko BECeko GUPera egingo dute bisita, 9:30etik 18:30era. Azkenik, Errege Magoen kabalgatak itxiko du, urtarrilaren 5ean, Gabonetako egitaraua Berangon. Ekialdeko Erregeak kultur etxetik frontoira joango dira, segizioarekin batera, 19:30ean. Bertan, harrera egin eta txokolatada izango da guztientzat.