2011/04/28

ARTISAUTZA AZOKA MAIATZAREN 1EAN

Berangoko Nekazaritza eta Artisautza Azokan 74 eskulangilek erakutsiko dituzte beraien produktuak, maiatzaren 1ean, Moreaga parkean. Horrekin batera, Euskadiko Euskal Pastel Txapelketa ere izango da. Simon Otxandategi dantza taldeak antolatu ohi du aurten 18. edizioa daukan sariketa. Erakusketa izango da: aparatuen artean, tximinietarako egurra mozteko makina berritzailea daukan Sierras Biginia enpresarena.


Artisauak 24 standetan egongo dira banatuta, horien artean berangoztar asko izango direla: Jose Antonio Lopez, fosil eta mineralekin; Idoia Bilbao, bordatuekin; Lili Patiño, puntuz, kakorratzaz... egindako imitaziozko bitxiekin; eta Socorro Hernandez, haurrentzako produktuekin. Bestalde, Berangoko Emakumeen Elkarteko hainbat kidek osatutako "Cuentas y Medidas" ekimenak haurtxoentzako lanak erakutsiko ditu. Kultur etxeko zurgintza eskolako ikasleek ere beraien lanak jarriko dituzte ikusgai.

Uribe Kostako ordezkari kopuru handia agertuko da hitzordura eta zuzeneko erakustaldiak izango dira; buztingintza eta iaz horrenbeste arrakasta izan zuen Santiago de Compostelako beira-putzegilearena, hurrenez hurren. Miranda de Ebrotik heldutako Cristina Merinoren argizarizko figura ikusgarriak; Felix Larrañaga berriztarrak eskuz egindako altzariak; edota joskintzan, puntuan, kakorratzean... aritzen den Bilboko Artileak elkarteko lanak ere ez dira faltako.

Produktuen artean, besteak beste, pateak, mota askotako gaztak -horien artean frantses sorta ederra-, txarkuteria, baserriko ogia, barazkiak, txokolatea, Bermeoko kontserbak, loreak, txakolina...

Standetako bat Ondarroako ikastolari gordeko zaio, aurtengo Ibilaldiko antolatzailea. Bertan, hainbat gauza erosi, eta bide batez, euskara sustatzen lagundu ahal izango dugu. Neska-mutilei begira, Metro Bilbaoko haur parkea jarriko da berriro. Begiraleak ere egongo dira, aita-amek azokaz gozatzeko aukera izan dezaten, txikiek primeran pasatzen duten bitartean.

Txosnarik ere ez da faltako: Iker Madariagak jarrita, taloak banatzekoa; eta antolatzaileena, Simon Otxandategi dantza taldearena. Azken horretan, mokadua banatuko dute eguerdian bisitarien artean. Ohikoa denez, taldeak musika eta dantzekin girotuko du eguna.