Berangoko Udalak inbertsio ahaleginari eta gizarte- zein enplegu-gastuei eutsiko die 2010ean, 7,7 milioi euro azpiko aurrekontuekin. Iazko kontuekin alderatuta, %4,3ko jaitsiera suposatzen du horrek. Batez ere, gastu arruntaren %14,60ko beherapenean oinarritu dute aurrezteko ahalegina.
Hirigintzan, Santa Anako balio anitzeko eraikina amaitzen egingo dute inbertsio-ahaleginik handiena. Besteak beste, kultur eta kirol elkarteentzako lokalak hartuko ditu horrek. Gastu sozialari dagokionez, horretarako urtero bideratzen duen diru-ekarpena mantenduko du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Berango da erakunde hori osatzen duten zazpi udalerrietako bat.
Horretaz gain, Espainiako Estatuak E Planaren barruan emandako diruaren 520 erabiliko dute krisiaren eraginak arintzeko. 2010ean, 660.000 euro egokitu zaizkio Berangoko Udalari. "Gastu arruntean gerria estutzea da kontua eta, Gizarte Zerbitzuei dagokionez, auzotarrek krisiaren eraginak nabari ez ditzatela", nabarmendu du Anabel Landa alkateak.
Beste hainbat murrizketa Kultur arloan egingo dituzte. Hala ere, txikiak izango dira eta Udalak berak antolatutako ekitaldietan baino ez du eraginik izango. Izan ere, kultur eta kirol elkarteek antolatutako ekimenak laguntzen jarraituko dute. Horien artean dira Jesusen Pasio Bizia, Herri Milia, Nekazaritza Azoka, Txakolin Eguna, eta Olentzero zein Errege Magoen kabalgata. "Talde horien parte-hartzea sustatu nahi dugu, kontuan hartzeko esfortzua egiten baitute", zehaztu du Landak.