2012/04/20

BIGARREN ESKUKO LIBURU AZOKA


Apirilaren 22an ospatuko da Liburuen Eguna Berangon. Jai eta jolaserako gunea bilakatuko da udal pilotalekua, haurrei protagonismo berezia emanez, beraientzat izango baitira jarduera gehienak. Egun osoan zehar, Bigarren Eskuko Azoka hartuko du frontoiak, salneurri sinbolikoak izango dituzte argitalpenek. Ekimen solidarioetara bideratzen da batutako dirua.

Haurren ludotekak puzgarrietan, bola-igeritokian, kulunkan zein bizikletetan gozatzeko aukera eskainiko die neskato-mutikoei. Gainera, tailer dibertigarriak izango dira eta mahaiak, aulkiak eta etxolatxoa jarriko dira, txikiek margotu edo irakurri dezaten. Gazteentzat, berriz, gidatze-simulagailuak eta bideo-kontsolak ipiniko dituzte, 12:00etatik 14:30era artean. Amaitzeko, haurrentzako dantzaldia izango da 18:30ean: “Parranda-tutiplen” ikuskizuna eskainiko du Azkona taldeak.

Apirila liburuen hilabetea denez, irakurzaletasuna sustatzeko eskaintza kulturala egon da udalerrian. Gauzak horrela, jarduera bereziak prestatuko ditu haur liburutegiak. Munduko Ipuin kontalarien saioari gehitu behar zaio hori guztia. Aipatu haur ikuskizuna –Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan– 21ean izango da, Berango Antzokian. Alexis Diaz Pimienta kubatarrak eta Mimi Barthelemy haitiarrak parte hartuko dute.

Hilaren 29an Afrikako Ipuinei txanda helduko zaie. Arratsaldeko 6etatik aurrera, Senegalgo narrazio sorta eskainiko du Lamine M’Bengue ipuin kontalariak, djembe eta balafon izeneko musika tresnen doinuez lagunduta.