2010/09/21

GRIPEAREN AURKAKO TXERTAKETA KANPAINA IRAILEAN

Osakidetzaren gripearen aurkako txertaketa kanpaina irailean abiatuko da. Urtero bezala, arrisku berezia daukaten kolektiboei egongo da zuzenduta. Horien artean daude 65 urtetik gorako pertsonak edota diabetea, asma zein giltzurruneko gutxiegitasun kronikoa daukaten adingabekoak.

Euskal Osasun Zerbitzuak gogoratu zuenez, horietako %70,3ri eman zitzaien arreta iaz. Emaitza ona den arren, portzentaje hori handitu nahi dute 2010ean. "Gripea prebenitzeko txerto horren eraginkortasuna aski egiaztatuta dagoelako egin gura dugu ahalegin hori", Osakidetzatik baieztatu dutenez.

Hori dela eta, udal gizarte langileen bitartez areagotuko dute kanpainaren gaineko informazioaren zabalpena. Osakidetzak kartelak eta eskuorriak jarri ditu horien esku. Hain zuzen ere, adinez nagusientzat oroigarri izan nahi dute foiletoek, Euskal Osasun Zerbitzuaren arabera.