2011/03/28

ASGANE AUZOARI BURUZKO LIBURUA IDATZI DU JOSE MANUEL VALDESEK


Jose Manuel Valdesen bizitzan garrantzi handikoa da bere gurasoek
Asganen zabaldu zuten taberna familiarra. Pertsona askoren bilgune edo
paseko toki izan zen ostatu hori ahaztu dadila ez du nahi izan.
Horrela izango du izena bere liburuak: "El bar de Asgane"

Valdesek 500 argazki eta 250 biografia bildu ditu, bere familiakoekin
batera, beste 25 dokumentu gehituz. Gehienak Estatuko beste autonomia
erkidegotatik etorritako gizon-emakumeak dira. Kantabriarrak,
galegoak, aragoiarrak, andaluzak... Ogibide ezberdinetako pertsonen
kaleidoskopioa osatzen du liburuak. Baten batzuk nabarmentzearren,
artzainak, arotzak, peoiak, igeltseroak, mandatariak, etxeko andreak,
tapizatzaileak, elektrikariak, teknikariak eta funtzionarioak
igarotzen dira argitalpenetik, hitzaurrea Anabel Landa alkateak idatzi
duela.

"El bar Asgane" liburuak auzo horri zein gaur eguneko Berangori bere
izateko era eman zioten lagunak ditu erakusgai. Bertan ageri dira
zeukan guztia aldean furgonetan heldu zen jendea, gerratik ihesean
Katalunia eta Belgikatik ekarritako umeak edo borrokan aritu eta
bizipoza berreskuratu zuten nerabe umezurtzak. Guzti horien artean
dira disko jaurtiketan Euskadiko txapeldun bat, Espainiako golf eta
padel txapelketetan parte hartu zuten kirolariak, kirol taldeetako
sortzaileak, futbol talde bateko presidentea edo aparteko muslariak.

Istorio eta pasadizo horiek ahaztuta geldi ez daitezen saiatu da
Valdes. Herriko bizitza kultur eta sozialean parte hartu zuten eta
Santa Anako jaiak antolatzen edo Asgane kirol taldea sortzen lagundu
zuten horiek biografiak ere badaude liburuan; baita bakaladan parte
hartu eta irabazi edo Berangora medikuaren aginduz heldu zirenenak
ere. Nola ez, Aitz-Gane izena zuen auzo horretan jai zirenak ere
irudikatu ditu.