2011/03/02

ERABILITAKO OLIOA EZ BOTA

Gure sukaldeetan erabilitako olioak arazo larriak eragiten dizkio ingurumenari. Hori dela eta, aipatu produktua harraskatik bota behar ez dela kontzientziatu nahi ditu herritarrak Uribe Kostako Mankomunitateak. Gauzak horrela, biztanleen eskura jarri ditu ontzi txiki berezi batzuk. Udaletxean daude eskuragarri. Izan ere, gogoratu, duela bi urtetik etxeko olioa biltzeko 21 edukiontzi dituela Mankomunitateak.

"Olioa ibaietaraino heltzen bada, handitu egiten da ibaiaren zama organiko kutsagarria. Izan ere, isurkin horrek, ur‑azaleran geruzak eratuz, oxigenoa igarotzea eragozten du, eta horrekin, eten egiten da ur‑bizitzaren garapena. Arazoa saihesteko, koipeak kentzeko tratamendu garesti‑garestiak erabiltzen dira hondakin‑uren araztegietan", azaldu dute erakundetik. Baina, gogoratzen dutenez, badira helburu bera lortzeko askoz ere modu eraginkorragoak eta ingurumenari begirune handiagoa diotenak: inoiz ez bota erabilitako oliorik harraskatik; hori bezain erraza da.

"Etxeko olio horiek, birziklatzeko errazak izateaz gain, oso erabilgarriak dira. Horietatik abiatuta, hainbat produktu lor daitezke: xaboiak eta garbigarriak, kandelak, industria‑olioak eta gure auto, kamioi eta autobusetan erabil daitekeen diesel erregaia", jakinarazi dute Mankomunitatetik.