2011/09/27

MILIAK NAZIOARTEKO ATLETARIK ONENAK EKARRIKO DITU BERANGORA

Berriro ere goi mailako atletismoaren erakusleihoa izango da Berango, urriaren 2an jokatuko den Nazioarteko Miliaren edizio berriaren bitartez. Beste proba nahiko garrantzitsu batzuk desagertu diren bitartean, Estatuko hoberenen artean dago aipatutakoa. Antolatzaileek atreta onenetariko batzuk erakarriko dituzte -Rui Silva, Manuel Olmedo, Abad, Juan Carlos Higuero eta Arturo Casado-, kirol ekitaldiaren kalitateari eusteko asmoz.

Kategoria guztietan lehiatuko dira, arreta berezia jarriz kirol egokituari. Haurrek eta kadeteek emango diote hasiera probari, 16:40an, Gobelalde kalean. Azkenak elite mailako emakumeak (19:05) eta gizonezkoak (19:25) izango dira.

Josu Hernandez buru, maila goreneko proba eskainiko du Berango Atletismo Taldeak. Hala ere, bere hitzetan, "ez genuke Milia antolatzerik izango, oinarrizko kirol talde bat egongo ez balitz". Ildo horretan, udal atletismo eskolaren egoera ona dela aipatu du Hernandezek. 1984an sortu zuten kirol modalitate hori eskola-umeen artean sustatu eta kluberako oinarriak jartzeko asmoz.

1990ean Berango Atletismo Taldea sortu zen, egun kategoria ezberdinetako 48 atletek osatuta dagoena. Aitor Cancio eta Hernandez bera dira Berangoko Udalak bakarrik diruz laguntzen duen erakundearen entrenatzaileak. Kirolariek ere beraien ekarpena egiten dute.

"Milia 1988an antolatzen hasi zen herriko jaien barruan, gure klubeko atletei udalerritik kanpoko beste kirolariekin lehiatzeko aukera emateko asmoz". Hernandezek BATen webgune berriztatuan gogoratzen duenez, "sailak izan ziren hasierako urteak". Berak eskuz egiten zituen kartelak eta dortsalak.

Baina, 1990ean, maila handia eta hedabideetan oihartzuna izatea lortu zuen Miliak. 1992an -olinpiaden urtea-, berriz, jauzi berri bat eman zuen, nazioarteko proba izatera igaroz, "Espainiako zein beste herrialdeetako iraupen-erdiko atletarik onenetako batzuk parte hartu zutela". "Lanaren lanaz Estatuko probarik hoberenen artean gaude".

Helburu horiek nola lortu diren azaldu du Hernandezek: "Oso erraza. Kanpotik datozen atletak era berezian tratatuz eta zaleen berotasuna senti dezatela lortuz. Baita Miliak hartzen dituen ekitaldi guztietan parte hartzera bultzatuz, aurreko eguneko atletismoaren hastapenerako hitzaldian eta taldeko atleta esanguratsuenen omenaldi afarian kasu". Horretaz gain, "Milia amaituta, eliteko lasterkariek ematen diete klubeko hoberenei urtean zehar lortutako emaitzarik onenetan oinarritutako argazki muntaia", BATeko arduradunak amaitu duenez.